FERNANDO BUESA BLANCO FUNDAZIOAren sorrerako helburuetako bat da hezkuntza esparruan hiritartasun demokratikorako ikasketak, hausnarketa eta sentsibilizazioa bultzatzea, oinarritzat harturik funtsezko jarrera eta baloreen transmisioa (aniztasuna, tolerantzia, elkartasuna, erantzukizuna, bizikidetza, bakearen kultura, e.a.), eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako kultura zibiko sendoa indartzea.
Horregatik, datorren ikasturtean Euskadiko Autonomi Erkidegoko irakasleek berriro izango dute aukera gai horiei buruzko prestakuntza hartzen jarraitzeko Fernando Buesa Fundazioaren eskutik.“Baloreetan oinarritzen den hezkuntza: Giza eskubideak eskola demokratikoan” izenburupean, prestakuntzarako eta gogoetarako gune bat proposatzen dugu hezkuntza eta humanismoaren munduko izen handi batzuen laguntzarekin. Bestalde, berritasun gisa, bi modulu berri sortu ditugu: indarkeriaren prebentzioa eskolako kirolean eta iraunkortasuna, irakasleei lagungarri gertatuko zaizkienak baloreak irakasteko langintzan.
Hezkuntzaz hitz egitea baloreen transmisioaz (arauak, portaera ereduak, oinarrizko orientazioak, helburuak) hitz egitea da. Orduan zergatik aipatzen ditugu bereizi ahal izango balira bezala? Seguru asko bi kontzeptuen arteko harreman hutsaletik haratago joan nahi dugulako, eta hutsal diogu ez garrantzirik ez daukalako, baizik eta agerikoa delako. Edo agian hainbeste denboraz naturaltzat hartu dugun harreman hori gaur egun krisi sakonean murgilduta dagoelako.