Buesaren hilketaren bidez hitza hiltzen saiatu ziren, eklarbizitzeko tresnarik garrantzitsuena.
Fernando Buesa Blanco Bilbon jaio zen 1946ko maiatzaren 29an eta Gernikan (Bizkaia) bizi izan zen 10 urte bete zituen arte. Zuzenbidea ikasi zuen Madrid eta Bartzelonako Fakultateetan, eta abokatu lanetan aritu zen 1970 etik 1986rarte. Gasteizen eraman zuen aurrera bere jardun profesional eta politikoa. Ezkondua eta hiru seme-alaben aita, 1977 an hasi zen politika aktiboan eta bi urte geroago, 1979an, jardun publikoan.
Arabako foru ahalduna izan zen (1979-1983), eta erakunde honetako Ahaldun Nagusi izatera heldu zen lau urte geroago (1987-1991); Vitoria-Gasteizko Udaleko zinegotzia (1983-1987) eta PSOE-PSEko Antolamendu idazkaria izan zen. Arabako sozialisten buru ere izan zen hainbat urtetan zehar; PSOEren Komite Federaleko eta Euskadiko PSE-EEren Zuzendaritzako kide zen. Euskal sozialismoaren “gizon indartsu”enetakoa eta itzal handikoa izanik betiere, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Gaietarako Lehendakariordetzaren eta Hezkuntza Sailaren titularitatea bere gain hartu zuen, PNV, PSE-PSOE eta EEk 1991ko irailaren 27an sinatu zuten Koalizio akordioaren ondorioz.
Euskadiko hezkuntza sistemaren behin betiko berrantolaketa eta normalizazioaren oinarriak ezarri zituen berehalako akordio politiko eta sozialaren buru izan zen Fernando Buesa, soilik bederatzi hilabeteko gestioaren bidez. Eskola Itun garrantzitsua izan zen hura benetan, euskal Autonomiak oraindik konpondu gabe zeukan arazo larrienetarikoa baitzen, eta aipatu itunari esker, irakaskuntza kalitatea hobetu ahal izan zuten eta euskal hezkuntza sistema konplexua etengabeko krisi eta gatazka egoeratik ateratzea lortu zen.
Eusko legebiltzarkide izaki -1984az geroztik aritu izan zen kargu horretan-, bere armarik eraginkorrenak zeintzuk ziren erakutsi zuen: lanerako kemen nekagaitza, hitza, jokamolde fina eta aurkari politikoa argudioekin konbentzitzeko grina. Era askotako hainbat gai defendatu zituen ganbera autonomikoan: besteak beste, sozialisten jarrera autodeterminazioarekiko. Indarkeriazko abertzaletasunaren gehiegikeriak salatu zituen eta baita bizitza eta askatasun eskubidea bezain oinarrizkoak diren eskubideen zapalketa Euskal Herrian.
Bere bizitza pribatua leialki emazteari eta seme-alabei eskaintzen zien, eta oporretan bigarren eskuko autokarabana hartu eta beraiekin joaten zen Europako txoko ezberdinetara. Baskonia saskibaloi taldearen eta Deportivo Alavesen jarraitzaile sutsu zenez, partidu guztiak jarraitzen zituen. Musika eta irakurketa ziren bere zaletasun maiteenak eta Gasteizko kaleetan paseatzea oso zuen atsegin.Olof Palme politikari eta giza eskubideen defendatzailea miresten zuen, Stockholm erdialdean emaztearekin paseatzen zebilela 1986an hil zuten gizarte-demokrazia suediarraren burua.
Fernando Buesa eta bere eskolta zen Jorge Diezen biziak errotik ebaki zituen irrazionaltasun terroristak, 2000ko otsailaren 22an. Biak hil ziren 20 kilo leherkari zeramatzan auto batek eztanda egin zuenean, bere etxetik oso gertu, Gasteizen. Gizakien aurka baino harago joan zen hiltzaileen erasoa. Fernando Buesa erasotzean erakunde demokratikoak ere zanpatu zituzten, eta erakunde horiek hain zuzen ere, autogobernuaren adierazpenik agerikoena dira. Izan dituen karguen ondorioz, oso zaila litzateke biktima adierazkorragoa aukeratzea, autonomia hobekiago irudikatuko lukeen norbait aurkitzea.
Buesarengan hitza hil zuten, eta hitza da hain zuzen ere elkarrekin bizitzeko oinarrizko tresna.