BULETIN
DIGITALA 102 - 2026ko
OTSAILA
|
|
|
Joan den otsailaren 21ean egin genuen
Fernando Buesaren eta Jorge Diezen
omenezko XXVI. In Memoriam-a, izenburu
esanguratsu batekin: “Errukia
eraldatzeko. Eraikitzeko, memoria”.
Errukiaren
eta memorian kontzeptuak izan ziren
ardatza oroitzapenezko ekitaldi
horretan, Sara Buesaren eta
Alejandro Ruiz-Huertaren gogoeta
sakon eta hunkigarrien bidez.
Ekitaldia Eva Domaika kazetariak
gidatu zuen beste behin, beti bezala
engaiaturik dela injustiziaren
biktimen eta, bereziki,
terrorismoaren biktimen kausarekin.
Lehen hitzaldia Sara Buesak eman
zuen, hunkigarria benetan, zeinak
indarkeriak bizitza indar
suntsitzaile batez nola alda
diezazukeen gogoratu baitzuen, min
sakon bat, gogoan betirako iltzatuta
geratuko den sugar bat eraginez, ez
dituena saihestu behar, ordea,
bizitzak aurrera egin dezan
etorkizunera begirako proiektu eta
ilusioak. Aita erail ziotenei itaun
zien, beren izenak erabiliz. Izan
ere, espetxeko hirugarren gradua
emana zaie berriki, eta
espetxealdiak beren biktimei
eragindako kalte izugarriaren
gainean gogoeta egitera eramango
ahal zituela azaldu zien. Euskal
gizartearen zati batek duen enpatia
falta deitoratu zuen, preso diren
biktimagileen eskubideak
aldarrikatzen baitituzte, haien
ekintzen biktimen mina ahazturik.
Gizarte mailako besarkada handi
baten beharra aldarrikatu zuen
Sarak, komunitatea eraikitzea
ahalbidetuko duena,
identitate-irizpide baztertzaileetan
gotortutako “tribuen” polarizazioa
gaindituz. Komunitate integratzaile
baten beharra dago, giza
eskubideetan eta, Fernando Buesaren
hitzei helduz, herritartasunaren
izaeran oinarritua izango dena.
Errukiaren eta memoriaren
kontzeptuak izan ziren jarraian Sara
Buesaren eta Alejandro
Ruiz-Huertaren artean egin zen
solasaldi zintzoaren hari
gidatzailea. Alejandro bizirik atera
zen Atochako abokatu laboralisten
kontrako egindako triskantzatik,
Alejandrok berak “Atochako gaua”
deitzea nahiago duen hartatik.
Ruiz-Huertak argitaratu berria du
ezinbesteko liburu bat, Violencia.
Compasion. Memoria. Una reflexion
particular [Indarkeria. Errukia.
Memoria. Gogoeta pertsonal bat]
izenekoa, eta hor aztertzen diren
gaiek aberastu egin zuten bien
artean izan zen solasaldia. Begirada
bat bota zitzaion Trantsizioaren
urte asaldatuei, orduko askotariko
indarkeriekin eta ilusio eta
konpromiso demokratikoekin, non
Atochako zarpaila hiltzaileak
oroitzapen ezabaezin eta izoztu bat
eragin zuen, sekula joaten ez den
min bat. Alejandro zama hori
‘indarkeriaezarekin’ eramaten saiatu
da, alegia, hitz bakarrez idatzia
den horrekin, basakeriak hautsitako
bizitza bat berreraikitzeko ahalegin
kasik ghandiar gisara.
‘Indarkeriarikeza’ indarkeriari ez
esatea baino zerbait gehiago da,
ausardia asko eta lan pertsonala
eskatzen ditu sortzen diren
sentimendu oldarkorrak gainditzeko.
Sarak, bere aldetik, Ruiz-Huertak
bere liburuan demokrazia beti
frogaldian dagoela eta printzipio
demokratikoetan sakondu beharra
dagoela nola azaltzen digun
gogorarazi digu. Sarak eta
Alejandrok egunero lantzen duten
sakontze demokratiko hori, arestian
esan bezala, funtsezko bi
elementutan oinarritzen da, hots,
errukian eta memorian. Errukia dela
iraultzarik handiena zioen Rafael
Argullol filosofoak, eta horrek
bestea aitortzea esan nahi du, denok
berdinak garela gure giza-izaeran.
Errukia ez da kontzeptu lausengari
bat, “bigun” bat; aitzitik, kuraia
pertsonal handia eskatzen du. Kontua
ez da begirada errukitsu bat,
gupidarena. Ez, jarrera aktibo bat
eskatzen du bestearen mina
barneratzeko. Errukia iraultzailea
da, hautsi egiten duelako
indarkeriarekin logika; balio
demokratikoetan datza haren indarra.
Terrorismoaren biktimek erakutsi
dute beren bizitzak nola berreraiki
gorrotorik gabe, mendekuzko
erantzunik gabe, indarkeriari uko
eginez.
Begirada errukitsu hori, are, maite
genituenak erail zizkigutenengana
ere iritsi behar da. Funtsezko
eginkizun bat da, zeharo
korapilatsua, erresuminaren eta
gorrotoaren sentimenduak gainditu
eta bulkada positibo eta etikoetan
eraldatzea. Alejandro Ruiz-Huertak
azaldu zigun zeinen zaila den egitea
ariketa pertsonal hori, Atochako
hiltzaileek urtarrilaren 24ero
espetxean itsaski-janaldi batekin
ospatzen zutenean sarraskiaren
urteurrena. Kontua da zubiak
eraikitzea minaren bi bazterren
artean, baina Osvaldo Pucciok
aurreko In Memoriam batean hain
argitsuki gogoratu zigunez, zubiak
eraikitzeko bideak desegin beharra
dago aurretik.
Begirada errukitsuaz gain,
memoriaren tasuna ere behar da,
memoria demokratiko eta
integratzaile bat. Memoria
funtsezkoa da, horrek eratzen
duelako geure identitatea,
Ruiz-Huertaren hitzei jarraituz.
Memoria demokratiko bat komuna izan
behar da, kolektiboa, biktimak
guztienak direlako. Gainditu beharra
dago biktimak-ideologia binomioa,
memoria kolektiboaren alde lan
egitea betebehar etiko bat da.
Memoria egunero eguneratu beharra
dago, demokrazia bezala, memoriari
“arduraz beterik” eutsi beharra
zaio, Yago Melladoren hitzetan,
“zelatako memoriari”.
Solasaldi emankor horri Juan
Genoves-en Besarkada margolan
enblematikoari aipu eginez eman
zitzaion amaiera. Besarkada,
konpromisoaren sinbolo garrantzitsu
gisara, anaitasun-zeinu modura.
Ekitaldiari Gazteizko Noralai dantza
taldearen arte-adierazpenarekin eman
zitzaion amaiera, Compartiendo
valores, unamos las grietas [Balioak
partekatzen, elkar ditzagun
arrailak] izeneko ikuskizunarekin.
|
|
|
XXVI. In Memoriam-ren laburpena
|
|
|
Vitoria-Gasteizko
Europa Biltzar Jauregiak hartu zuen
iragan otsailaren 21ean Fernando Buesa
Blancoren eta Jose Diez Elorzaren
aldeko In Memoriam-a, ETA talde
terroristak erail zitueneko 26.
urteurrenaren harira.
Ekitaldia Eva Domaika kazetariak
aurkeztu zuen eta Sara Buesak eta
Alejandro Ruiz-Huertak hitz egin
zuten.
Fundazioak
2025ean egindakoaren laburpena biltzen
zuen bideo batekin eman zitzaion
hasiera In Memoriamari.
Ondoren
Sara Buesaren txanda heldu zen.
Fundazioaren presidenteorde eta
Fernandoren alaba txikia denak bere
gogoeta eta nahiak partekatu zituen
bertaratutakoekin, eta haren argiak
lagunduta.
Jarraian,
solasaldi bat izan zen Sara Buesaren
eta Alejandro Ruiz-Huertaren artean,
1977ko urtarrilaren 24an Atochako
abokatuen kontrako atentatuaren
biziraulea bera.
Ekitaldiari
amaiera emateko, Noralai Dantza
Eskolako hiru dantzarik Compartiendo
valores, unamos las grietas pieza
interpretatu zuten, ekitaldian
jasotako guztia laburtzen zuena.
Lore
eskaintza
Hurrengo
egunean, otsailaren 22an, lore
eskaintza bat egin zen
Vitoria-Gasteizko Askatasunaren
Lorategietan, atentatua izan zen
tokian jarritako monolitoaren
aurrean. Buesa-Rodriguez eta
Diez-Elorza sendiek omenaldi
hunkigarri bat eskaini zioten
Jorgeri eta Fernandori, eta
terrorismoaren biktima izandako
pertsona ugari izan zituzten ondoan.
Era berean, PSE-EEko eta
Ertzaintzako kide ugari izan ziren
urtero bezala, baita Guardia
Zibilaren, Polizia Nazionalaren eta
Armadaren ordezkariak ere, Eusko
Legebiltzarreko alderdi politiko
guztietako kargu publikoez gain, eta
Espainiako Gobernuko, Eusko
Jaurlaritzako, Eusko
Legebiltzarreko, Arabako Foru
Aldundiko, Arabako Batzar
Nagusietako eta Gasteizko Udaleko
agintariak.
---------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
|
|
|
Fundación
Fernando Buesa Blanco Fundazioa
Los
Herrán 46 C kalea- 01003
Vitoria-Gasteiz
(Araba-Álava)
|
|
|
|
|