Memoriaren belaunaldi arteko
transmisioa gizarte guztiek duten
erronka bat da. Komunitate guztien
behar saihetsezin bat da, baina ez da
erraza. Oroimenak izaten dituen
aldaketez gain –memoria ez da zerbait
objektiboa, ezta ere mekanikoa edo
fisikoa–, belaunaldi gazteek
iraganarekiko urruntasuna erakusten
dute batzuetan, eta horrek gehiago
zailtzen du. Izan beldurragatik,
gertatu denarekiko erantzukizunagatik
edo iragana norberaren denboratzat
hartzeari uko egiteagatik, iragan
hurbila onartzen zailagoa da iragan
urruna baino. Horregatik, belaunaldi
baten hogeita bost urteko
denbora-tartea zailagoa da memoriaren
ariketarako.
Hogeita bost urte dira, hain
zuzen ere, Fernando Buesaren eta Jorge
Díezen erailketa gertatu zenetik.
Urteurren hain bereziak fokua eurengan
jartzera garamatza oraingo honetan,
eta gaurko gazteek euren memoria
bizian haiek txertatzeko duten
prestutasunera. Fernando izan zen
beren ideien kontrakoekin akordioetara
heltzeko prest den politikoaren
adibide bat, gaur eguneko praktikan
ohikoa ez dena. Jorge, berriz, garai
arriskutsuetan askatasuna defendatzeko
bere lanarekin konprometituta zegoen
zerbitzari publiko bat izan zen. Esan
daiteke, denboraren joanarekin
oroimena edulkoratzera jotzeko
beharrik gabe, herritartasunaren
adibide izan zirela biak ala biak, eta
beraz, merezia dute gure oroimenean
iltzatzea.
Hogeita bosgarren edizio honen In
Memorianak gure gizartearen norabidea
beren eskuetan hartzen hasten doazen
gazteei eskaintzen die protagonismoa.
Horren bidez, gogoeta egin nahi du
haien oroitzapenen izaerari eta
memoriak balio positibo eta unibertsal
batzuk sendotzeko duen gaitasunari
buruz, helburu politikoak lortzeko
indarkeriaren erabileraren
deslegitimazioa eta gizarteko
pluralismoaren defentsa irmoa, esate
baterako. Urteurren honek Fernandoren
axioma hura gure gazteen artean
txertatzen lagundu nahi du, hots,
“ideia batengatik ez du merezi hiltzea
edo erailtzea” zioena, ideia
batengatik norbait hiltzen denean ez
delako akabatzen ideia horrekin,
pertsonarekin baizik. Eta pertsona
hori desagertuz, pertsona hori izan
zen eta izan zitekeen guztia galtzen
da.