Pertsonaren
lanabesa bere esperientziak osatzen
du. Esperientziak, eta horri tankera
emateko eta hortik bizitzarako
ikaskuntzak ateratzeko duen
gaitasunak. Esperientziari zentsua
emateak bizitakoa berregitea dakar,
eta norberarentzat zein besteentzat
bizitza-ikasgai bezala proiektatzea,
balioz betetako zerbait den aldetik.
Oroitzapenen motxila ez da horrek duen
pisuarekin neurtzen. Ez da proposamen
kuantitatibo bat, kualitatiboa baizik.
Horiekin eraikitzen dugu garena eta
besteei buruz uste duguna, gutaz eta
eurenaz izan dena. Bitarte horretan,
ordea, bada berregin beharreko lan
bat. Ez digu, izan ere, denak balio.
Balio ez duena eta kaltegarria dena
baztertu egingo dugu motxila
horretatik, gauza onak metabolizatuz
gero gure esperientziak norbaiti,
gutako bakoitzarengandik hasita,
zerbaiterako balioko dioenaren
esperoan. Horixe izango da gure
oroitzapenean iltzatuko dena, geurea,
gure belaunaldiarena, gure denbora eta
espazioa partekatu zutenena. Hitzez
hitzeko memoria hori ereduzko memoria
batean bihurtzeko gaitasunak bakarrik
egiten du, Todorov maisuari jarraituz,
hori besteentzako baliagarri, guztiak
bezala bakarra, besterenezina eta
errepikaezina izatea nahi dugun
esperientzia baten oinordetza pribatu
nola berekoi bat izan ordez.
Terrorismoaren bizipenak gure
ondorengoei zer ondare, zer oroitzapen
eta zer balio positibo utzi nahi
diegun behin eta berriz pentsatzera
behartzen gaitu. Biktimak horra
behartzen gaitu, baina baita
biktimagileak ere. Horrexetan datza ez
ahanztea: oroitzapen errepikakor bat
izan ordez, memoria positibo nola
emankor bat izan behar luke, gizarte
hobeago bat eraikitzen lagunduko
duena.
Biktimak saiatu dira euren mina
zerbait baliagarrian bihurtzen, euren
sufrimenduaren bizipena indarkeriaren
etengabeko arbuioa izaten.
Biktimagileek beren esku daukate gauza
bera egitea. Izan ere, biktimak
gertatu zitzaiguna baino askoz gehiago
garen bezala, biktimagileak ere behin
egin zutena baino askoz gehiago dira.
Beraz, bere esperientzia
partikularrarekin zer egiten duten,
hori izango dira, eta bi aukera
dituzte: beren erantzukizunari ihes
egin eta egin zituzten ekintzentzako
ustezko epika baten atzean gotortu,
edo eragin zuten mina eta haren
guztiaren zentzugabekeria aitortu.
Batean, esperientziak gaizkia
errepikatzen du, eragindakoa nahiz
jasandakoa; bestean, berriz, askatu
egiten gaitu gizarte hobeago baterako
balio positiboak eskaintzeko balio
badu. Esperientziaren ondarea ez da
deribatu natural bat, gure asmoaren,
gure borondatearen eta zentzua –zentzu
positiboa– emateko posibilitatearen
emaitza baizik.
Aurtengo In Memoriam edizio honetan,
Fernando Buesa Blanco Fundazioak
gorazarre berezia egin nahi die M11-ko
biktimei, hogeigarren urteurrenaren
harira. Rodolfo Benito Samaniegoren
familia gonbidatuko dugu, solasaldi
bat parteka dezan terrorismoa jasan
ondoren geure fundazioetatik gure
gizarteen bizikidetza hobetzearen alde
eta gure bizipenen memoria baliagarria
izatearen alde lan egin izan
dugunokin.