XXII.
Fernando Buesa Mintegiak iragan
hamarkadetako indarkeria
politikoaren askotariko biktimen
egoera aztertu izan du, biktima
batzuk sektore politiko jakin bati
eta besteak beste sektore bati era
makurrean esleitzeko edo
bereganatzeko dagoen aukeraz
ohartarazteko eta horri
konponbidea jartzeko. Memoria
Demokratikoaren Lege berriaren
(2022) harira sortu den kezka bat
da. Izan ere, frankismoaren eta
Trantsizioaren garaiko biktimei
aitortza egitearekin, eta
terrorismoaren biktimak albora
uzten direla –horientzat beste
araudi batzuk direla iritzita–,
atea ireki diezaioke tentaldi
horri. Argi dago ez dela hori
legearen helburua, baina
testuinguru politiko aurkaratuak
bide eman diezaioke errore nahiz
nahitako edo nahigabeko nahasketa
horri.
Gaian
adituak direnen mintzaldiek
mehatxu hori argitzeko balio izan
zuten, hain zuzen ere. Balio izan
zuten hori errealitate bihurtu ez
dadin zer bide egin behar den
azaltzeko. Ez pentsamendutik, ez
esperientzia historikotik –beraz,
ezta Filosofiatik eta Historiatik
ere–, ezin da ezbaian jarri
oinarrizko manu bat: biktimak
beren biktimarioen asmo politikoek
eragin dituzte. Ildo horretan,
minak eta totalitarismoa salatzen
duen eta balio zintzoak
(esaterako, askatasuna, demokrazia
eta Zuzenbide Estatua) defendatzen
dituen lekukotasunak elkartzen
dituzte. Biktima bakoitzaren
bizipena, egiazki, besteen
nahiaren kontra nagusitzen saiatu
izan zen indarkeria baten salaketa
bat da, izan hori Estatu-kolpeak
porrot egin ondoren sortutako
gerra zibilaren testuinguru
batekoa, trantsizio-prozesu baten
ezegonkortasunekoa, edo diktadura
baten despotismoarena. Zentzu
horretan, biktima eta biktimizazio
bakoitza ezberdina izango da, eta
indarkeria horren ertz askotako
dimentsio, errepertorio eta asmoen
berri emango digute. Hala ere,
horien guztien gainetik altxatzen
da balio positiboak zaindu nahi
dituzten –beren borreroen guztiz
kontrara– herritarren
borondatea.
Horixe
izan zen izaera anitzeko biktimen
mahai batek azaldu zuena,
frankismokoak zein trantsizio
garaikoak, ETAren terrorismoarenak
zein legez kanpoko antiterrorismo
ez-zilegiak. Biktimek argi eta
garbi utzi zuten: ez daude
elkarren kontra, ez dira ikusten
beste alderdia politikoki eta
ideologikoki orekatu beharrean den
txindata bat bezala. Biktima
guztiak errealitate beraren parte
dira, eta berdintzat hartu behar
dituzte.
Berdintasun
hori, ordea, egiaren, justiziaren
eta erreparazioaren eskutik
lortzeko, batzuk eta besteak
oraindik ere bereizten dituzten
oztopoak ezabatu behar dira.
Guztiek aitortza legezko nola
instituzional berbera jasotzea
izango da guztiek aintzatespen eta
babes sozial berbera izateko
euskarririk ziurrena. Hori dela
eta, biktimei kalte handia egiten
die batzuen eta besteen arteko
bereizketak. Kalte egiten dio,
halaber, dagoeneko gure artean ez
daudenen memoriari eta haien
oroimenez eta etengabeko
lekukotzen bidez eraikitzen goazen
gizarte duin baten proiektuari
ere.