"Indarrez kendutako Geroak. Azaleratzen doazen bizitzak"
“Indarrez kendutako geroak. Azaleratzen doazen bizitzak” izenburuarekin ospatu genuen pasa den otsailaren 20an Fernando Buesaren eta Jorge Díezen erailketen omenezko XXII. In Memoriam-a.
Indarkeria terroristak proiektu politiko baztertzaile bat eraiki nahi izan zuen, balizko etorkizun kolektibo hobeago batean oinarrituta, indarrez kendutako bizitza jakin batzuk aberriaren aldarean sakrifikatzea eskatzen zuena.
Lapurtutako bizitza horiez eta gertatutakoa ahaztuko ez duen etorkizuneko proiektu politiko barneratzaile bat eraikitzeko beharraz aritu ziren euren mintzaldietan Sara Buesa eta Eduardo Madina oroimenezko ekitaldi horretan.
Sara Buesak gogoratu zigun ETAk euskal herriarentzat nahi zuen etorkizun hobeago baten ideia “pertsona askoren etorkizun zehatzeko aukeren” ezabapenean oinarritu izan zela. “Etorkizun errealak, ukigarriak, egunerokotasunekoak, nonbait, indarrez kenduak izan zirenak”.
Sarak etorkizuna memoriatik eraikitzearen premia mahairatu zuen, euskal “gu” bat eraikitzeko nahia duela azpimarratuz, gure komunitatearen bertsio berri baten laguntzaz, “toleranteagoa, gizatiarragoa eta errukitsuagoa” izango dena, eta baita “gure historiaren kapitulu ilun horri heltzeko” beharra ere, “sendatzeko, gure esperientziatik ikasteko eta akats berberak ez egiteko”.
Ardatz horien inguruan ibili zen ondoren Eduardo Madinarekin izan zuen solasaldi zeharo interesgarri nola ezinbestekoa ere.
Iluntasunaren eta beldurraren garaian, Eduardok balio multzo batean aurkitu zuen harentzako aingura, bere euskarria, bizitza ikusteko zuen erarekin eta konpromiso politikoarekin loturikoa, hain zuzen.
Sarak maitasunean aurkitu zuen euskarria, batez ere bizitzarekiko maitasunean, besteei zerbitzatzeko beharrean oinarrituta eta benetan garrantzitsua dena jarriz erdigunean.
Bereziki esanguratsua izan zen Eduardok aipatutako ideia baten adierazpena, hainbat eratan egina izanagatik ere garrantzi berezia hartzen duena atentatu terrorista bat jasan izan duen baten ahotik entzutean: “Ez dago ideiarik, ezta niretzat biziena litzatekeenik ere, bizitza batek baino gehiago balioko duenik, ezta niri gutxien axolako zaidan bizitza batek baino ere”. Eta esan zuen “heldutasuna maiuskuletatik minuskuletara igarotzea” dela, “minuskuletan funtzionatzea, ahapeka, egunerokotasuna eta gauza txikiak bizitzen”, alegia.
Maiuskuletan bizi zirenen bokantza hantusteak, egia absolutuaren jabe zirela guztiz sinetsirik, eraman zuen gauza guztien gainetik ezarri nahi izatera.
Sarak ukatu egin zuen aurrez aurre ziren bi bandoren arteko gatazka bat egon denik, eta bi bando baino ez daudela esan zuen irmoki: pertsona guztientzako giza eskubideak indarrean izatea eta aplikatzea argi eta garbi defendatzen dutenak, ezberdin pentsatzen dutenenak barne, eta euren eskubideak bakarrik defendatzen dituztenena.
ETAren amaierari buruz, bi hizlariak bat etorri ziren benetakosunean oinarritutako euskal gizarte bat eraikitzeko beharraz: gizarte plurala, askotarikoa, euskalduntasuna eta horren konplexutasuna bizitzeko modu askorekin. Etorkizun hori memoria sendo batean oinarrituta eraiki behar da, gaitzespenak gaindituz baina iraganaren kontzientziarekin. Pluralismoa eta memoria funtsezko printzipio gisa.
Memoriaren eta ahanzturaren artean gabiltza harat-honat, eta orria presaka ez pasatzen saiatu behar gara, gaiztakeriaren aurrean euskal herritarren gehiengo handi baten axolagabekeria ez dadin berriz ere adierazi berriro errepikatu ezin den iragan baten ahanzturan. Proiektu kolektibo horrek konpromiso pertsonal bat eskatuko digu gutako bakoitzari, jardun terroristaren proiektu deslegitimatzaile bat, pertsonen eskubide oinarrizkoenen urraketa larriko iragan makur bat ez errepikatzean oinarritutakoa.
|