Horrek
ez du esan nahi Justiziak
ez-ikusiarena egin duenik edo egin
behar duenik ETAk kontzesiorik
gabe eta negoziaziorik gabe bere
jarduerari amaiera eman zionetik
zehazteke dauden gai nagusien
gainean. Legezko arauek
ezarritakoa aplikatu zuen, mota
horretako gerrilla, terrorismo edo
indarkeria politiko gehienetan ez
bezala. Normaltasun juridikoak
bere lana egiten jarraitu zuen,
eta horren ondorioa da erakunde
terroristako berrehun zigortu
inguruk espetxeetan jarraitzen
dutela. Horrekin batera, hor dago
Estatuaren aurreko ezgaitasun hori
ere –urte batzuetan, horren parte
izan zen Justizia, baina
baliabide, prestutasun, erabakimen
eta eraginkortasun gutxiagorekin–,
oraindik argitzeko dauden
hirurehundik gora kasutan islatzen
dena.
Nolanahi
ere, eta saioetan ikusi ahal izan
zenez, ETAko zigortuak ez dira
egoera pribilegiatu baten jabe,
hortik tarteka irakur daitekeenez,
eta, era berean, Justizia
Administrazioa ez da ahaztu bere
garaian goizegi edo konpontzeko
aztarnarik gabe itxi izan zituen
kasu horiez. Batean zein bestean,
hor ari dira lanean sistema
judiziala zein espetxe-sistema,
zigorrak betetzeko baldintzak
aplikatuz edo kasuak ikertuz,
denboran preskribatuta egon ala
ez, eremu penalaz harago argia eta
egia eskaini nahian biktimei.
Kontuz ibili beharreko gaiak dira
bata zein bestea, eta egunero
auzitan jarriak dira, protagonista
bilakatuz horiez arduratzen
direnak, askotan eurek nahi gabe
edo hartzen dituzten erabakien edo
egiten dituzten jarduketen gaineko
nolabaiteko distortsioarekin,
gainera.
Mintegiak
balio izan zuen egiaztatzeko
Estatua konfrontazio giro batean,
lasaitasun gutxikoan, aritzen dela
askotan kontu kritiko horiek
jorratzen. Giro horretan, ez dago
lekurik iritzi publikoaren edo
gizarte-sektore jakin batzuen nahi
zehatz batzuekin bat egin nahian
legearen mekanismo garantistei
iskin egitea bilatzen duen
“Justizia sortzailearentzat”, edo
aukera praktiko oso gutxi daude
hori garatzeko. Ikusi da delitu
batzuen preskribatze eza,
terrorismoa gizateriaren aurkakoa
dela aitortzea edo beste gai
batzuk aplikatzen oso zailak
direla gure herrialdean indarrean
dagoen legediaren esparruan. Hori
dela eta, zehaztapen horietan
esajeratuz gero, atsekabeak ekar
ditzake azken batean,
errealitatearen eta sortutako
itxaropenen artean sortzen den
arrakalak eraginda.
Ildo
horretan, eginkizun guztia ezin da
utzi justizia eremutik datozen
konponbide sortzaileen eskuetan.
Hori izan zen topaketen konklusio
argiena. Aitzitik, eremu horri eta
bertan bai botere betearazleak,
bai botere legegileak dituzten
erantzukizunei muzin egin gabe,
jakitun izan behar gara geratzen
zaigun prozesu nagusia, hots,
terrorismoaren deslegitimazioa,
plaza publikoan ebatziko dela,
demokrazia defendatzen dugunok
Zuzenbideko Estatuarekiko
errespetua eta indarkeria asmo
politikoekin erabiltzeari uko
egitea herritarrei barneratzeko
dugun gaitasunean. Justiziatik
espero behar dugu bermeekin
aritzen jarraitzea, bai biktimei
dagokionez, bai izaera horretako
delituengatik zigortutako
pertsonei dagokionez, orain arte
egin duen moduan, epeez harago eta
ezagutza horren zigor arloko
ondorioez haraindi. Baina
terrorismoak hainbat urtetan
eragin zituen kalteen konponketa
ez da soluzio magiko batzuetatik
etorriko, gero eta herritar
gehiagoren borondate eta
kontzientziatik baizik.