“Komunitatean bizi. Bestelakotasunean bizi.”
Pasa den otsailaren 21ean Fernando Buesaren eta Jorge Díezen erailketaren XXI. In Memoriam-a burutu genuen “Komunitatean bizi, aniztasunean bizi” izenburuarekin. Ekitaldi horretan komunitateari, aniztasuna errespetatzen duen komunitate barneratzaileari eta nahi dugun gizarte motari buruz hausnartu dugu. Kontzeptu horiek, izan ere, garrantzi berezia hartu dute bizitzea egokitu zaigun pandemiaren garaiotan.
Fundazioarek presidenteordeak, Sara Buesak, hausnarketa batzuk helarazi zituen bere esperientzia pertsonalean oinarrituta pertenentzia-sentimenduaren, identitatearen eta komunitate bateko parte izatearen harira.
Komunitate natural batean, harreman eta lotura afektiboak berez sortzen dira; komunitate hori identitate baztertzaile batean oinarrituta eraikitzen denean, ordea, utzi egiten dio komunitate izateari eta tribu bihurtzen da. Bestela pentsatu eta sentitzen dutenak “bestea” bihurtzen dira, baztertuak dira komunitatetik, zokoratuak.
“Gu" eta “besteak” bereizketa egiten duen eraikuntza sozial eta politiko horrek kanpoko ilunabarretara bidaltzen ditu ezberdinak direnak eta ezarritako pertenentzia-ereduaren definizio kanonikoari jarraitzen ez diotenak.
Sarak barneko erbestean babestu behar izan ziren hainbat eta hainbat pertsona ekarri zituen gogora, euren mundu pribatuan konfinatu beharrez komunitate eremuan baztertuta sentitzen zirelako.
Identitate-sentimendu sumindu eta baztertzaileak itogarriak dira ezberdin sentitzen duten eta ezberdin diren pertsonentzat, komunean duten proiektutik euren burua baztertzera beharturik sentitzen direlarik, kanporatuak edo are, muturreraino joanez gero, fisikoki akabatuak ez direnean. Sarritan, askatasuna dakar komunitate itxi nola baztertzaile horietatik alde egiteak.
Daniel Innerarity filosofoak aipatu ideia horietako batzuk jorratu zituen jardun zeharo interesgarri batean.
Innerarity irakasleak itun politikoari buruz egin zuen lehen hausnarketa, autogobernuaz gatazka ireki bat duen gizarte baten printzipio eraikitzaileari buruz. Gizartea bakoitzak nahi duenaren antz handienekoa izateko den legitimitatea aitortuz, errotik baztertu zuen gu bezala pentsatzen ez duen bazterketa ideologiko nola fisikoa.
Ideia iradokitzaile hau proposatu zuen: “gehiengoan den eremuan norbaitek gutxiengoan direnei eskaintzen dien errespetu berbera eska dezake berarentzat gutxiengoan den eremuan”. Bestela esanda, norbait gehiengoa denean komunitate batean, bera gutxiengoan den eremu batean berari tratatzea atsegingo zitzaiokeen eran tratatu behar dituela hango gutxiengoak.
Bigarren hausnarketa euskal gizartearen izaerari lotuta zegoen. Haren hitzetan, sozietate modernoak “ez dira sortzen jatorrizko komunitateen kolapsotik”.
Komunitate ukigabearen eta errealitatearen arteko mitoa kontrajarriz, euskal gizartea definitu zuen, eta baita espainiarra ere, esanez, "heterogeneoen gizarte bat, identifikazio-gradu ezberdinekoa" dela, "aldi berean gauza ezberdinekoa den gizarte bat, jomugan helburu ezberdinak eta, tarteka, gatazkan direnak, dituena”.
Tönnies gogora ekarriz, demokrazia bat proposatu zuen “herritar izateko ideal baten inguruan eraikia, alde batetik obligazioak planteatzen dizkigunak komuna denari buruz, baina, bestetik, landa-komunitate itxietan guztiz ezezaguna den nolabaiteko liberalitatea, tolerantzia eta, are, indiferentzia ahalbidetzen duena”.
Azken proposamenean, “eragin-gizarte” gisa ikustaraz gintezela proposatu zigun. Ildo horretan, bai Sarak bai Danielek egungo pandemia globalaren egoerarekin lotu zituzten euren planteamenduak.
Sarak gogora ekarri zigun osasun larrialdiko egoerak, hain zuzen, eraman gaituela komunitatean elkar zaintzeak duen funtsezko garrantziaz kontzientzia hartzera, komunitarioak izatea guztion ongizatearen zerbitzura egotea dela, batzuk besteekin engaiatzea, alegia.
Ildo beretik, Danielek esan zuen pandemiak gure zaurgarritasun komuna jarri duela agerian, eta zaurgarritasun horrek aldatu egingo duela gure bizimodua eta gure erakundeen errealitatea.
Amaitzeko, komeni da hona ekartzea hizlariaren azken hausnarketa bat, bereziki egokia terrorismoaren biktima biren oroimenezko ekitaldi batean, esan zuenean oso ezberdina izango zela indarkeriazko iraganaren historia kontatzea onartzen badugu “sufritu egiten dugun subjektu” garela. Gertakizunak biktimen ertzetik kontatzeak, balentrien narratibara jotzen ibili beharrean, izugarrizko indar sinbolikoa du, indarberritzailea, nonbait. Izan ere, “gizarte batek bere iragana sufritu izan dutenen ikuspegitik kontatzen badu, aukera gehiago ditu etorkizun inklusiboagoa eraikitzeko, helburu nagusi gisa jarriko duelarik pairamena saihestea eta komunean den bizitza zaurgarria zaintzea”.
|