“Gizarte inklusibo baterantz”
Pasa den otsailaren 21ean Fernando Buesa eta Jorge Diez hil zituzteneko XIX. In Memoriam-a burutu genuen, “Nos=Otros / Gu=Zu” izenburupean. Izenburu horrekin, era oso grafikoan erakutsi nahi zen gizarte inklusibo bat izateko, hots, bestea, ezberdina dena, bestelakoa dena ere barne hartuko duen "gu" bat eraikitzeko, dugun beharra.
Sara Buesak gogorarazi zigun identitate-sentimendu baztertzaile bat izan zela ETAren terrorismoa hauspotu zuena. Euskal “gu” itxi batean, beste pertsona integratzeko gai ez den ideian oinarritutako Euskal Herri bat eraiki nahi duen sentimendua, alegia, zeinaren arabera erabakitzen baitzen nortzuk eratzen zuten euskal komunitatearen ardatza eta nortzuk ziren, ondoz ondo, komunitate horretatik kanpo, baztergarriak edo soberan zirenak.
Besteak dira, ezberdinak, baztertuak, estigmatizatuak, areriotzat hartuak diren horiek, horiek gorrotatu ahal dira eta baita gizartetik kanporatu eta are ezabatu ere, Fernandorekin eta Jorgerekin gertatu bezala.
Amin Maalouf-ek argitasun handiz erakusten digu bere Identidades asesinas (Identitate hilkorrak) liburuan identitate baztertzaileak nola irits daitezkeen identitate hilkor izatera. Irakurri beharreko liburua da, nolanahi. Identitate baztertzaile horiek, maiz, gorrotoan oinarritutako diskurtsuetan bazkatzen dute, eta enpatia falta izugarria ageri dute.
Adela Cortinak azaldu zigun gorrotoan oinarritutako diskurtsuak pertsona jakin batzuen aurka egiten dutela, ez zehazki dena direlako pertsonak izateagatik, talde batekoak izateagatik baizik, gorroto zale horiek mespretxatzen duten ezaugarri jakin bat, nolabaiteko bereizgarri bat, partekatzeagatik, hain zuzen ere. Gorroto-diskurtsu horiek “elkar batzen gaituen lotura apurtzen saiatzen dira, eta kolektibo osoak estigmatizatzen eta laidotzen dituzte. Hankaz gora jartzen dute pertsonak beti helburu gisa, eta ez bakarrik bitarteko gisa, hartzeko kantiar inperatibo kategorikoa”.
Beharrezkoa da beste pertsona bere konplexutasunean ikustea, estereotipo eta aurreiritziak alde batera utzita, eta bestearen larruan jarri eta enpatia ariketa bat egitea.
Adela Cortinaren hitzetan, pertsonen elkarrekiko aitortzan oinarritutako etika bat behar dugu herritarren artean. Eta bi bertute nagusi ditu halako etika batek, justizia eta errukia. Balio horietan oinarritutako etika zibiko batean gorrotoak eta arbuioak ez dute lekurik, eta aukera zabaltzen zaigu beharrezkoa dugun gu inklusibo hori eraikitzeko erronka zail nola bizigarrirako. |
XIX. URTEURRENA FERNANDO BUESA ETA JORGE DÍEZ OMENTZEKO IN MEMORIAM EKITALDIA
Gasteizko Artium Museoak hartu zuen, beste behin, Fernando Buesa Blancoren eta Jose Díez Elorzaren aldeko In Memoriam-a, ETA talde terroristak erahil zitueneko hemeretzigarren urteurrenaren harira.
Ekitaldia Eva Domaika kazetariak aurkeztu zuen eta Sara Buesak eta Adela Cortinak hartu zuten parte.
XIX. In Memoriam-en bideo osoa
Sara Buesak bere aita “oso gizon saiatua eta ideiak tinko defendatzen zituena zela” gogoratuz ekin zion bere jardunari. “Oso iaioa akordioak ehuntzen, eta ezberdinarekiko begirunea erakusten zuena. Entzuten zekiena eta bestearen arrazoiak ulertzen saiatzen zena. Baikorra, edonondik ere, edozein arazok konponbidea zuelakoan bizi zen, hori aurkitzeko lan egin behar zelakoan, ez besterik”.
Sarak esan zuen “ETAren terrorismoa jasan zuen kultura abertzaletasun sentimendu bortitzeko, euskaldun eta abertzale izatearen sentimenduzko pertsonek eratutako Euskal Herri bat eraikitzeko asmoan oinarritu zela". Horrekin, haren ustez “muga bat ezarri zen: alde batean, ‘gureak’; gudariak, euren identitatea adore-ekintza batean berresten zuten eta Euskal Herri aske baten alde borrokatzen zuten abertzaleak, hain zuzen. Beste aldean, berriz, ‘besteak’: euskal ‘gu’ horretan sartzen ez zirenak, mehatxu gisa hartu izan zirenak, estigmatizatuak eta areriotzat zirenak, gorrotoaren jomugan jarriak eta euskal gizartetik kanporatu behar omen zirenak (...). Eta, halatan, indarkeriara jo zen. ETA izan zen tresna, baina hezurretaraino sartu zitzaigun kontzeptualizazio itxi, hertsi eta baztergarri hori izan zen ETA sortzera eta hainbeste urtez irautera eraman zuena”.
Bestetik, Sara Buesak azaldu zuen nola, “bizi izan dugun guztia bizita ere, ezinbestekoa dela komunitate ireki eta inklusibo bat eraikitzea gure loturak berreskuratu nahi izanez gero, eta, horretarako, bestea ere kontuan hartu behar da”. Alabaina, gaineratu zuen bazuela sentimendu bat aldi berean, eta zen “sendatu gabeko zauri asko, barnean daramagun min asko ez dela sendatuko besteak ez badigu begiratzen eta ez bagaitu ikusten".
“Nahiko nuke ‘gu-aren’ balioa geureganatzeko gauza bagina”. Ezaguna zaigun munduaz harago joan gaitezen eta guztien artean euskal komunitate ireki eta inklusiboa, kolore aniztuna eta guztiok bertako parte izango garena, eraiki dezagun” esanez amaitu zuen.
Sara Buesaren hitzaldia (bideoa)
Sara Buesaren hitzaldia (testua)
Sara Buesaren jarduna eta gero, bideo batek Fernando Buesa Fundazioak joan deneko 2018. urtean burututako lana erakutsi zuen.
Fundazioaren jardueren bideoa 2018an.
Ondoren, Adela Cortinak, Universitat de València-ko Etika eta Filosofia Politikako katedradun emerituak, hartu zuen hitza. Adelak hitz hauekin eman zion hasiera bere jardunari: "Fernando Buesa, Jorge Díez eta beste asko eta asko bezala erahildakoen ahotsak, izan, sortu nahi den gizateria emantzipatu baten ikur dira, eta gure ardura da horiek 'Gure' hori eraikitzearen alde egindakoa guk belaunaldiz belaunaldi transmititzea, 'nik hau nahiago dut', 'nik bestelakoa egingo dut’ eta gisakoez harago pertsonek, emakumeek zein gizonezkoek, osatutako ‘gu' horretara egiteko. Bidezko mundu bat nahi dugu, eta prest gaude hori abian jartzeko". Mundu horretara iristeko, ordea, “besteak beste, gorrotoaren kultura desaktibatu behar da, iraganeko eta hurbileko historia belztu duena eta, zoritxarrez, oraindik ere gure gizarteetan sendo sustraiturik jarraitzen duena”.
Halaber, esan zuen “beharrezkoa zela gorroto eta mespretxurako joera horiek heziketarekin eta, batez ere, etika zibikoarekin –bere bi bertute nagusiak, justizia eta errukia, lagun zituela– desaktibatzea”.
Adela Cortinak justiziaren eta errukiaren etika zibiko batek “ez du lekurik gorrotoarentzat, mespretxuarentzat eta arbuioarentzat, halakoek biktimak baitakartzate nahitaez, Fernando Buesa, Jorge Díez eta munduko hainbat lekutako beste hainbat pertsona bezala” esanez amaitu zuen jarduna.
Adela Cortinaren hitzaldia (bideoa)
Adela Cortinaren hitzaldia (testua)
Hurrengo egunean, Buesa-Rodríguez eta Díez-Elorza familiek lore-eskaintza bat egin zuten Gasteizko Askatasunaren Lorategian, bien omenez eraikitako monolitoaren ondoan. Beste urte batez ere, sendi eta lagun ugari hurbildu zen ekitaldira, eta baita terrorismoaren biktimen elkarte eta fundazioetako ordezkariak, Ertzaintzako kideak eta herritar ugari ere. Guztiak Eusko Jaurlaritzako, Eusko Legebiltzarreko, Arabako Foru Aldundiko, Arabako Batzar Nagusietako eta Gasteizko Udaleko kideek lagundurik egon ziren. Eskaintzan, gainera, euskal legebiltzar esparruko alderdi politiko guztietako kideak egon ziren, PSE-EEko kideak nabarmendu zirelarik.
XIX. In Memoriam ekitaldiaren eta lore-eskaintzaren argazki-galeria
|
Fernando Buesa Blanco Fundazioak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak Estela Baz idazlearen "Los niños de Lemóniz" liburuaren aurkezpena antolatu genuen pasa den otsailaren 1ean.
Asko hitz egin izan da 70eko eta 80ko hamarkadetako ETAren terrorismoaz, baina egundaino ez zen idatzi halako istorio bat, gurasoak erakunde terroristak mehatxatuak edo erahilak izan zituzten haurren begirada garbi nola xalo batetik. Egilea bera horietako bat zen, eta haur batek inoiz bizi behar ez lituzkeen gertaerak bizi izan zituen, beste askoren moduan.
Eleberri gisan eratutako Lemoizko haurrak obraren lekukotza oroimenetik berreskuratutako pasadizoen kontaketa da. Pertsonez, emozioez eta egoerez dihardu, baina batez ere haurrez, errealitate hori eurek nola bizi izan zuten kontatzen du, muturreko egoeretan euren gurasoek nola saiatzen ziren ezkutatzen gertatzen ari zena, eurak babesteko asmo hutsez. Sekula, ezta estatistiketan ere, kontuan hartu izan ez ziren haur batzuez ari da. Eta emakumeez ere ari da liburua, gazte izan arren izugarri adoretsuak, eskuzabalak, babes-emaile eta borrokalariak izan ziren ama haiez.
Aurkezpenean, hauek hartu zuten parte: Marta Buesak (Fernando Buesa Fundazioko Patronatua), Gaizka Fernández Soldevillak (Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko historiagilea) eta Estela Bazek, liburuaren egileak.
Aurkezpenaren bideo osoa ikusi nahi baduzu, sakatu hemen
|