“Esan-nahi. Esanahia. Esan nahi."
Terrorismoarekin apurtu zuten hainbat elementuren arteko bat hizkuntza zehatza eta hizkuntza arrunta izan ziren. Ideologia-arrazoiengatik erailtzea edo jazartzea gure munduko logiketatik at dago; izan ere, horiek egiten diren guztietan errealitatea hitzekin mozorrotu behar izaten da. Euskadin hainbat hamarkadatan bizi izan gara gehiengoaren hizkuntza erabiltzen ez zuen biztanleriaren sektore batekin, zeinak hizkuntza arruntaren aldean zentzu ezberdina zuten hitzak erabiltzen baitzituen.
Indarkeriazko iragan bat amaitzen denean, komunitatearen barruan denbora behar izaten da kontaketa ezberdinek bat egin dezaten izendatzaile komun praktiko minimoren batekin. Bat egite hori zabalagoa edo urriagoa izan daiteke, eta horri esker, elkarrekin bizi ahal izango gara berriz ere bestearen keinu edo hitz bakoitzari erreparatu behar izan gabe. Oraindik denbora behar dugu; baina urratsak egin behar dira norabide horretan.
Ez dugu ezer ere irabaziko uste badugu etorkizuneko bizikidetza eraikiko dugula esanahi zalantzagarriak dituzten terminoak erabiliz, esanahi bikoitzekoak edo esanahirik gabekoak ez direnean. Terrorismoaren deslegitimazioaren bideari ekin diogu, eta bide horretan, gauzei beren izenekin deitu behar zaie, alegia, errealitateak bere benetako esanahia berreskuratu behar du hitzen bidez, gizabanako guztiok erabiltzen dugun logikak ematen duen esanahia. Krimen bat ez da istripu bat, eta era berean, erailketa bat ez da hildako bat.
Esatea da besteek zure egoeraren aurrean egiten duten aintzatespen bat, kasu honetan ekintza zital batzuen biktimaren aintzatespena. Esanahia da gizartearen konbentzio horri, alegia, hitzei, zehaztasuna ematen dien esentzia, zeinaren semantika komunik gabe ez baitira ezer ere ez, edo, are okerrago, isiltasuna baino arriskutsuagoak baitira. Esan nahi izatea esku hartzea da, zentzuzko normaltasun bat berreskuratze aldera, non terminoek esanahi unibertsala duten denok arau unibertsal batera bueltatu izanagatik, alegia, gure aldean ezberdinak direla uste dugunen aurka indarkeria erabiltzea galarazten duen eta gure irizpidea indarrez ezartzea onartzen ez duen arau batera.
Terrorismoa amaitu da jada. Orain, balioetan oinarritutako eta partekatutako hitzetan, alegia, denontzat esanahi bera duten eta gauza bakoitzari bere izenarekin deitzen dioten hitzetan adierazitako bizikidetza bat berreskuratu behar dugu.