|
59. Buletina - 2016ko uztaila |
|
|
EDITORIALA |
Biktimen Memoriala. Ezinbesteko tresna terrorismoa etika, gizarte eta politika mailan deslegitimatzeko.
Bost urte igaro dira jada Terrorismoaren Biktimen Onarpen eta Babes Osorako Legea onetsi zenetik. Legeak jaso zuen Memorialaren sorrera; gure Fundazioaren proposamen bat zen eta legebiltzar taldeek laster hartu zuten gain. Memoriala, egiazko eta bidezko kontaketa garatzeko ezinbesteko tresnatzat jo genuen; terrorismoa etika, gizarte eta politika mailan deslegitimatzeko argudio nagusia izan behar zen.
Garai hartan, aurreikusi genituen zer arrisku zituen ETAren amaiera hurbilak: alde batetik, euskal gizartearen amnesiarako joera; beste alde batetik, terroristen konplize politikoak egia nahasten saiatuko ziren, gatazkaren teoriak indarkeria justifikatzen duela sinestaraziz. Halaber, zalantzak genituen euskal erakundeetan nagusi izango zen jarreraren inguruan: ez genekien euskal Legebiltzarraren 2008ko Biktimen Legeari jarraitzearen alde egingo zuten edo terrorismoaren justiziaren eta terrorismoaren aurkako borrokan egindako bidegabekerien arteko erdiko bidea aukeratuko zuten.
Tarte honetan ikusi dugu nazionalismo erradikalak Euskal Memoria gauzatu duela, eta errealitatea desitxuratzen saiatu dela; horretarako, “indarkeria anitzeko” egoera aurkezten saiatu da. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bere diskurtsoa egin du, Bake eta Bizikidetzaren Planean jasotakoa; ondo baino hobeto laburtzen da testuaren esaldi batean: “Asko sufritu dugu denok”; gehiago hurbiltzen da goian aipatutako orekara gertatukoaren egiazko eta bidezko kontaketara baino. Plana erritmo onean garatzen da, baina lehen aipatutako abiapuntuaren estigmarekin.
Gure Fundazioak askotan salatu ditu Memoriala abian jartzeko egon diren atzerapen ulertezinak. Eta hori larriagoa da aintzat hartzen badugu denok garrantzitsutzat jotzen dugula. Hiru urte behar izan ziren horren ibilbideari ekiteko, eta bi urte ondoren, egoitzan lanak egiten jarraitzen dute. Dena dela, badu zuzendari bat, eta gure konfiantza osoa du. Argi dago Planaren eta Memorialaren erritmoa ez dela bera.
Demokraziak terrorismoa garaitu du, baina une honetan biktimen oroimenean oinarritutako kontaketa eraiki behar dugu. Eta oinarrizko tresnak abian jartzeko orduan, atzerapen ulertezina eta onartezina gertatu da.
Hori dela eta, lerro hauen bidez legebiltzar taldeari eta osatuko den Jaurlaritzari deia egin nahi diegu, eta gai horren inguruan ados jarraitzeko eskatu nahi diegu, baita, adostasunaren erreferente eta oinarrizko tresna denez, Biktimen Memoriala benetan ahalik eta lasterren abian jartzeko prozesua azkarrarazteko ere.
|
"A la hora, en el lugar" erakusketa |
2.700 PERTSONAK BAINO GEHIAGOK BISITATU DUTE EDUARDO NAVEREN “A LA HORA, EN EL LUGAR” ARGAZKI-ERAKUSKETA
Fundazioak, Terrorismoaren Biktimentzako Memoria Zentroarekin batera, antolatutako erakusketa irekita egon zen maiatzean eta ekainean Montehermoso Kulturunean
Madrilen, Valentzian eta Valladoliden egon ondoren, Eduardo Nave argazkilariaren "A la hora, en el lugar" erakusketa Vitoria-Gasteizen izan zen, eta ia hilabete eta erdiz egon zen Montehermoso Kulturunean.
Argazki-erakusketa Marta Buesak, Florencio Dominguezek eta argazkien egile Eduardo Navek inauguratu zuten maiatzaren 13an, eta 2.700 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute.
A la hora, en el lugar dokumentazio-lan zehatz bat da, eta lan horretan garrantzi berezia du soinuaren bitartezko tragediaren adierazpenak: iruditik bertatik sortzen den bolumenaren handitasuna eta sufrimenduaren intentsitatea. Hirurogeigarren hamarkadatik egun arte ETA antolakunde terroristak atentatuak egin dituen lekuetara joan da Eduardo Nave, eta egindako ekintzen izaeraren menpe jarri da. Egun berean, ordu berean leku zehatzera joan, eta argazkia egin du. Enkoadratzeak eta esposizio-denborak gertaeraren kokapena eta iraupena jaso dituzte. Argia edo ikuspuntu egokiena hautatzeko aukera izan gabe, errealitate gordina jaso du. Zehaztasunak eta jazoerekiko menpetasunak markatu dute proiektuaren bizipen-alderdia, eta balorazio plastikoei ere uko egin die.
Bost urteko lana da (2008-2013), eta proiektuak eszenatoki bakoitzaren inguruko zenbait prentsa-titular, irrati-transkripzio, espazio-koordenada eta bideo- eta audio-grabazio jaso ditu.
Buesa Blanco Fundazioak eskerrak eman nahi dizkio Terrorismoaren Biktimentzako Memoria Zentroari gurekin batera erakusketa antolatzeagatik, baita Terrorismoaren Biktimak Fundazioari eta Vitoria-Gasteizko Udalari ere eman diguten laguntza eta onarpenagatik, erakusketa ezin baita egin haien laguntzarik gabe.
Erakusketari buruzko bideoa
Inaugurazioaren argazki-galeria (2016/05/13)
www.alahoraenellugar.com
|
DOKUMENTAZIO ZENTROA |
Mende erdia izu eta indarkeria jasaten (1960-2010)
Jean-Serge Nérin jendarmearen hilketa, Frantzian, izan zen ETAren historiaren azkena; 2010eko urriaren 20an, hilketa gertatu eta urte eta erdira, banda terroristak hiltzeari uztea erabaki zuen. Mende erdian izua jasan ondoren, balantzea samingarria da: ETAk eta horren aldeko taldeek 845 hilketa egin dituzte, terrorista islamiarrek 191 pertsona hil dituzte, GRAPOk 88 pertsona, muturreko eskuineko taldeek 35 pertsona, GALen atentatuetan 27 pertsona hil dira eta beste 14 pertsona hil dituzte garrantzi txikiagoko zenbait taldek. Urteotan, hilketekin lotutako guztia dokumentatu dugu, eta ikertzaileen eta Fundazioaren web-orriaren erabiltzaileen esku jarri dugu; etengabe eguneratzen dugun efemerideen eremu bat da orria. Lan hori amaituta, emaitzak hildako biktimen datu-base batean sartuko dira, errazago nabigatu ahal izateko eta ikerketa errazteko. Azkenik, emaitzak laster aurkeztuko dira jendaurrean.
2007an sortu zenetik, Dokumentazio Zentroaren helburu nagusia izan da dokumentazio guztia bildu eta lantzea, terrorismoaren biktimen memoria transmititzearren. Ordutik hona, ia 10.000 agiri landu ditugu eta jarri ditugu ikertzaileen eta Fundazioaren web-guneko erabiltzaileen esku. Dokumentatzeko ahalegin handia baliatuko dugu lanaren beste urrats bati ekiteko; kualitatiboagoa izango da aipatutako urratsa. Ikerketa-proiektu bat da: “Terrorismoaren biktimak eta gizarte-eragina (1960-2011)”. Terrorismoaren testuingurua aztertuko dugu ikuspuntu historikotik. Proposatutako proiektuak biktimaren egoera aztertuko du xede aukeratzen dituztenetik eta ondorengo gizartearen erreakzioa. Helburua ez da, orain arte bezala, hilketa bakoitza baino lehen eta ondoren gertatutakoa azaltzea, ondokoa zorroztasun historikoarekin aztertzea baizik: ekintza terrorista bakoitzaren atzean zer justifikazio-logika dauden, mehatxuen kanpaina, estortsio, bahiketa edo hilketa bakoitzean biktimaren ingurunea eta gizartea nola garatzen zen eta zer egoeratan gelditzen ziren izua zuzenean edo zeharka pairatzen zutenak. Hori dela eta, hainbat banda terroristak egindako ehun bat hilketa aukeratu dugu ikerketa egiteko; dena dela, ETAk hiru euskal probintzietan eta Nafarroan egindako hilketak dira nagusi.
Horrez gain, Dokumentazio Zentroak edukiak jasotzen jarraituko du zabaltzeko, kanpoan zein barruan; horretarako, Fundazioaren berezko kanalak erabiliko ditu: web-orria, sare sozialak edo buletinak.
Erabilera gida
|
HEMEROTEKA ETA IRITZIA |
|
|
|
|
|
|