Beharrezkoa den balantzea
Asmo handikoa da Eusko Jaurlaritzak aurreko legegintzaldian terrorismoaren biktimen memoriarako eta onarpenerako egin duen politikaren balantzea, baina, aldi berean, emaitzei eta filosofiari buruzko begirada kritikoa ere egin behar zaio. Bake eta Bizikidetza Plana eta Gogora Institutua, zalantzarik gabe, proposamen garrantzitsuak dira, eta hainbat jarduera eta proiektu gain hartzen dituzte (batzuk amaituta daude eta beste batzuk abian dira). Horrek bat dator Urkullu lehendakariak zuen asmoarekin: ETA amaitu ostean memoriaren politika bat egitea. Horixe izan zen aurreko legegintzaldiaren hiru oinarrizko ardatzetako bat.
Fernando Buesa Blanco Fundazioak pozik hartu zuen Bake eta Bizikidetza Plana, baina horren filosofiarekiko kritikak bi alderditan oinarritu genituen. Alde batetik, edukien inguruko adostasun politikoaren falta sumatu genuen. Planaren lehen zirriborroak ez zuen jaso “zoru etiko” deitutakoa, aurreko legegintzaldian adostutakoa, eta ondoren gaineratu behar izan zen eranskin gisa. Dena dela, Planaren erdigunea izan beharko litzateke. Zoritxarrez, adostasuna baztertu zen, urteotan terrorismoa politikoki eutsi duen sektorearekiko oreka bilatzen baitzen. Horren truke, saihestu egin zen aurreko legegintzaldian Bake eta Bizikidetzaren ponentzian adostutako lan osoa. Behin eta berriz esan bazen ere Sortuk autokritika egin behar zuela, Planak gaine-gainetik aipatzen du alderdi hori.
Beste alde batetik, eta aurrekoarekin oso lotuta, Planean indarra galdu dute indarkeria terroristan ezker abertzale erradikalak izan dituen erantzukizunek, eta ETA zegoen bitartean sortutako sufrimendu anitzetan oinarritzen da Plana, baina aipatu gabe, biktimen esanahi politikoa bazter batean utziz. Horren ondorioz, guda zibiletik terrorismora arte, eta frankismotik igarota, garaien eta espazioen araberako biktima ezberdinak batu egiten ziren bakoitzaren berezkotasuna aintzat hartu gabe. Biktima guztiak —ETAren, terrorismoaren aurkakoen eta polizia-gehiegikerien biktimak— onartu eta horien eskubideak lehengoratu behar ditugu, baina bakoitzari esanahia eman behar zaio. (...)
Editoriala osoa irakurri