Aldaketa-garaia. Aukera-garaia. Elkarrizketa-garaia.
Aldaketa-garaian gaude. Abenduaren 20an aukeratutako Gorte Nagusiak dira horren erakusle ona. Eta aldaketa guztiek egokitzeko zenbait zailtasun sortzen dituzte eragileengan; izan ere, hainbat urtetik beste dinamika baten arabera jokatzera ohituta daude. Gobernu berriaren osaketa da egokitzeko zailtasun horren adierazgarri nabarmena. Eta agerian utzi du ez dagoela ezberdinen arteko elkarrizketarik, nahiz eta ezinbestekoa izan egoera berriari aurre egiteko. Gobernu berriak izango du, besteak beste, terrorismoa behin betiko desagerraraziko duten eta biktimen esanahi politikoan oinarritutako memoria finkatuko duten politiken ardura.
Bestalde, Batasunaren munduak espetxe-politikaren inguruko aldaketa aldarrikatzen du, eta politika horretan barne hartzen du indarreko legeriaren onarpen argia ETAko presoak gizarteratzeari dagokionez. Horrek erakusten du onartu egiten duela Zuzenbideko Estatua, garai batean suntsitu nahi izan bazuen ere. Baliteke aldaketa taktiko bat izatea, planteamenduen berrikuspen kritikorik egin gabe gauzatutakoa; Fundazioaren lagun on batek dioen bezala: “ez dira zalditik erori, baina behintzat astotik jaitsi dira”.
Aldaketa-garaiak badira ere aukera-garaiak. ETAren terrorismoarekin behin betiko amaitzeko aukera dugu. Horretarako, Madrilgo Gobernuak amaiera horretarako sendotasuna erabiltzeaz gain, behin betiko izenlaguna bermatzeko beharrezkoa den inteligentzia ere beharko du. Eta Batasunaren munduak ETAko presoak gizarteratzen lortzeko espetxe-legeria onartzeko prest egonda. Gure ustez, espetxe-legeriak iraganaren inguruko autokritika exijitzen du gizarteratu ahal izateko. Hori dela eta, Sortuk iraganaren inguruko autokritika egiteak ezer baino lagungarriagoa litzateke gizarteratzeko bidean.
Gure Fundazioaren iritziz, zenbait aukera sortzen dituzten aldaketa-garaiak, Fernando Buesak nahi eta praktikatu zuen printzipio baten arabera zuzendu beharko lirateke: ezberdinen arteko elkarrizketa, interes orokorrei lehentasuna emanez alderdien interesen aurrean. Fundazioak legatua zaindu nahi duenez, ondokoa gainera dezakegu: alderdien protagonismoak alde batera utzi behar ditugu ETAren behin betiko amaiera lortzeko.