ELKARBIZITZARAKO MEMORIA
Iragana gogoratu, oraina egin eta etorkizuna proiektatu
(Natividad Rodriguezek 2012-II-22ko In Memoriam ekitaldian esandako hitzen laburpena)
Joan den otsailaren 22an Fernando Buesa eta Jorge Diez omendu genituen, ETAk atentatu batean biak Gasteizen hil zituen egunaren hamabigarren urteurrenean, eta lehen aldiz ospatu genuen ekitaldi hori mehatxu terroristarik gabe. Duela lau hilabete ETAk jakinarazi zuen bukatutzat ematen zuela bere indarkeria, eta gai horretaz zerbait dakitenek esaten digute erabaki horrek ez daukala atzera bueltarik. Bihotzez pozten gara, batetik orain arte mehatxupean bizi izan diren guztiak aurrerantzean lasaiago bizi ahal izango direlako, eta bestetik erabaki horrek ateak zabaltzen dizkigulako bake iraunkor bat askatasunean eraikitzeko.
Aukera daukagu orain etorkizunari konfiantza gehiagorekin begiratzeko, baina baditugu halere geure zalantzak, kezkaz betetzen gaituztenak, badakigulako behin betiko bakea lortzeko prozesu hori nola gauzatu halakoa izango dela Euskadin lortuko dugun bizikidetza.
Prozesu hori burutzeko denbora asko behar da, euskal gizartean sakon errotuta baitaude askatasunez hitz egitea eragozten diguten beldurrak eta mesfidantzak; alderdi politikoak birkokatu egin behar dira, beren planteamenduak berrikusi, eta terrorismoaren amaiera kudeatzeko bide-orri partekatu bat adostu behar dute elkarrekin.
Beraz, inor ez dadila etorri gu presatzera, eta inor baino gutxiago indarkeria baztertzeko hainbeste urte behar izan dutenak.
Ahaztea ezinezkoa da eta, gainera, moralki onartezina. Daukagun bide bakarra da gertatu zaiguna irenstea, osasuntsuki integratu dadin memoria kolektiboan. Une honetan Euskadin daukagun egiteko nagusia da bakean eta askatasunean eraikitzea bizikidetzazko etorkizuna. Horretarako ezinbestekoa dugu gertatu zaiguna aztertzea eta hutsegite berdinetan ez erortzea.
Gertatu zaiguna da gizartearen zati batek fanatismoz ulertu duela Aberriaren ideia, iruditu zaiola bere ideia Esentzia eta Egia zela eta ideia hori mundu guztiari inposatu nahi izan diola “Euskal Herri uniforme” bat lortu beharrez. Eta indarkeria tresna egokia eta beharrezkoa iruditu zaiela beren helburua lortzeko. “Sufrimenduaren gizarteratzea” deitu izan duten horren bitartez beren proiektu politikoa inposatu nahi izan digute guztioi eta beren nortasuna partekatu ez duten guztiengana zuzendu dute selektiboki beren indarkeria.
Horri dagokionez, Ezker Abertzaleak ezinbestekoa du autokritika sakona egitea, zeren biolentzia erabili dutenen aldera agertu duen konplizitatea eta sostengua agertu izan ez balitu eta egindako kaltea minimizatzeko eta beste alde batera begiratzeko erabili duen estrategia erabili izan ez balu, ETA ez zatekeen sortuko edo askoz lehenago bukatuko zen.
Helburu politiko batzuk lortzearren egun batez lagun hurkoa indarkeriaz kolpatzea erabaki zuten horiei gizarte osoak eskatu behar die ezagutu dezatela egin diguten kaltea, baina denoi egin digutena, ez bakarrik biktimei. Ezagutu behar dute indarkeriaren hautua oker latza izan zela, premia gabekoa —saihesgarria izan delako— eta, batez ere, gaiztoa.
Bizikidetza demokratiko betea eraikitzeko, ideia hau izan behar dugu abiapuntu: ETAren proiektu politikoa, zeinaren izenean hainbeste jende hil duen, moralki onartezina da, bai baliabideen aldetik —indarkeriaren medioz inposatu nahi izan dutelako—, bai helburuen aldetik —proiektu totalitario eta baztertzailea delako.
Nahi dugun bizikidetza-ereduan aniztasun politikoa balioa izan behar da eta ez arazo, eta ulertarazi behar digu ez dagoela modu bakarra euskaldun izateko eta Herri hau berdin gobernatu daitekeela sentsibilitate abertzaletik zein ez-abertzaletik.
Eginahalean saiatu behar gara hesiak ezabatzen eta zubiak egiten, denok baikara berdin euskaldunak.
Politika egiteko beste modu bat behar dugu, herritarren benetako beharrizanei erantzunez eta oinarritzat harturik hiritartasun kontzeptua -eskubide eta eginbideetan denok berdintzen gaituena- nortasun nazionalen gainetik. Proiektu politiko integratzaile bat bilatu behar dugu, denok bere baitan bizi gaitezen elkar errespetatuz.
FERANDO BUESA ETA JORGE DÍEZ-EN ALDEKO XII. IN MEMORIAM
ELKARBIZITZARAKO MEMORIA
Iragana gogoratu, oraina egin eta etorkizuna proiektatu
Lehen aldiz ospatzen dugularik urtemuga hau askatasunean eta ETAren indarkeria terroristaren mehatxurik gabe, sendo berresten dugu ezinbestekoa dela terrorismoaren biktima guztien oroitzapena bizirik atxikitzea eta bizikidetza eraikitzen jarraitzea, eta Fernando Buesaren legatua aldarrikatzen dugu hitzaren balioaren bidez. Fundazioaren presidenteak, Natividad Rodríguez andreak, bere gogoeta, hausnarketa eta ideien bidez bizirik mantendu du hitz hori eta espiritu baikor batekin jarraitzen du gu guztiok itxaropenez eta ilusioz betetako etorkizun baterantz gidatzen.
Natividad Rodríguezen emanaldiaren bideoa
Hitzaldia
Beti laguntzen gaituen musikak aldi honetan jazz zaporea dauka. Gurekin da Gasteizko 'Jesús Guridi' Kontserbatorio Profesionaleko ikaslez osatutako Guridi Big Band taldea. Guridi Big Band taldea Jazz Prestakuntzako Zikloa sortu zenean jaio zen. Ziklo hori Gasteizko Kontserbatorioko saxofoi ikasgelak bultzatutako ekimena izan zen, hezkuntza formalaren aitortzaren bermea dauka eta ikasle-irakasleen gogo eta konpromiso beroari esker egin du bere bidea. Ikasle horietako batzuk goi-mailako Jazz Ikastegietara jauzi egingo dute laster.
Guridi Big Band taldearen saioa
Guridi Big Band
Manuel Reyes Mate filosofo eta Ikerketa Zientifikoko Goi Mailako Zentroko irakasleak sakon aztertu du memoriak duen garrantzia oraingo eta etorkizuneko bizikidetza eraikitzerakoan. Bere lanaren zati handi bat Holokaustoaren osteko filosofiari buruz izan da, baina Holokaustoa sinbolo eta mugarri bezala ulerturik, biktimen presentzia politikoaren memoria funtsezko bihurtu dadin. La herencia del olvido liburuarekin 2009ko Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen saiakera atalean eta erreferentea da Estatu osoan, arlo horretan egiten duen lanarengatik.
Euskadiko errealitatea ere zorrotz aztertu du, eta hori hala dela ikusteko aukera izan genuen beste behin ere gure omenaldian, egun hartako hitzaldian memoriaren kontzeptua justiziarekin uztartu zuenean.
Manuel Reyes Mate emanaldiaren bideoa
Hitzaldia
Baita ere aurkezten dugu Fundazioak azken urte honetan bi ardatz nagusiren inguruan, biktimen memoria iraunaraztea eta baloreetan oinarritutako hezkuntza, egin dituen ekintzen memoria.
Ekitaldien memoria
Berriz ere bihotzez eskerrak ahaide, adiskide, biktima, erakunde, elkarte eta, oro har, herritar guztiei, Fernando Buesa eta Jorge Díezen oroimenezko ekitaldira azaltzeagatik eta lagun egiteagatik.
Ekitaldi osoa
In Memoriam 2012 ekitaldia. Hemeroteka
El Correo 2012/02/23 Dokumentuaren hizkuntza: GAZTELANIA
El perdó
TV3 2012/03/04 Dokumentuaren hizkuntza: KATALANA / GAZTELANIA
Cómplices, no insensibles. FLORENCIO DOMÓNGUEZ.
El Correo. 2012/02/28 Dokumentuaren hizkuntza: GAZTELANIA
|
|
___________
Museo birtual hau osatzeko 32 lan aukeratu dira, zeinetan islatzen diren Giza eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 15 artikulu, biñetetan eta hainbat hizkuntzatan. 10-15 urteko haurrentzako heziketa tresna bat izateko pentsatua dago, eta museoko gida didaktiko bat dauka irakasleei museoko bisita egiten laguntzeko.
Museo birtuala
Informazio gehiago |
___________
GIZA ESKUBIDEEI BURUZKO BIDEOJOKOA
MANRAIS, zure eskuetan daude
ESKURAGAI
Bere hezkuntza-lanaren bidetik jarraituz, Fernando Buesa Fundazioak Manrais, zure eskuetan daude bideojokoa sortu du. Bideojoko interaktibo honen helburua da Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren bederatzi artikulu ezagutaraztea eta haietaz gogoeta eginaraztea. 10-13 urteko haurrengandik gertuen dauden egoerak islatzen dituzten artikuluak jorratzen dira bideojokoan.
Bideojoko hau finalista geratu da irailaren 17an Bilbon ospatutako hoPLAY 2011 Bideojokoaren Nazioarteko Jaialdian |
ESKARIAK
Bideojokoaren demoa
Bideojokoaren dosierra |
Fundazioaren Dokumentazio eta Ikerketa Zentroaren bidez edozein erabiltzailek kontsulta dezake gure dokumentazioa eta, gainera, zenbait komunikabidetarako estekak aurkituko dituzte web orri espezializatuetan. Albisteetan jasotzen da, besteak beste, terrorismoaren biktimen esanahi politikoari eta ikusgarritasunari, biktimen testigantza pertsonalari eta terrorismoa etikoki, politikoki eta sozialki deslegitimatzen laguntzen duen orori buruz argitaratu dena.
Alta emanda ez bazaude, egin klik hemen
Bete eskatutako datuak eta bidali formularioa. Formularioa bidali ondoren, Zentroan sartzeko gakoak jasoko dituzu zure posta elektronikoan.
Alta emanda bazaude, egin klik hemen
Informazio gehiago
|
|